XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Albiste on zein txarren gabezia etsigarria izaten hasi zenean, zaldizko geznari batek Montilla jeneralaren mandatu ilun bat eraman zion Santa Martatik: Gizona jadanik gurea da eta izapideak bide onetik doaz.

Jeneralak hain estrainioa eritzi zion mezuari, eta hain irregularra moduari, non garrantzi handieneko estatu nagusiko arazo bezala ulertu baitzuen.

Eta behar bada Riohachako kanpainarekin zerikusia zuena bezala, inork ulertu nahi ez zuen lehentasun historikoa egozten ziolarik.

Normala zen garai hartan mandatuak aldrebestea eta segurtasun-arrazoiengatik berriemate militarrak nahas-mahastuak izatea, Espainiaren kontrako lehen konspirazioetan hain baliagarriak izan ziren mezu zifratuzko sistemak bukatu zituen gobernuen zabarkeriaz geroztik.

Militarrek engainatzen zutelako ideia aspaldiko kezka zuen, zeina Montillak partekatzen baitzuen, eta honek gehiago konplikatu zuen mandatuaren enigma eta larriagotu egin zuen jeneralaren artegatasuna.

Orduan José Palacios bidali zuen Santa Martara, fruituak eta lekari freskoak eta jerez lehor eta garagardo zurizko botila banaka batzuk lortzeko kalamatrikarekin, zeinak ez baitziren aurkitzen tokiko merkatuan.

Baina benetako asmoa misterioa dexifratzea zen.

Oso soila izan zen: Montillak esan nahi zuen Miranda Lynsayren senarra Hondako gartzelatik Cartagenarakora aldatu zutela, eta indultua egun batzutako kontua zela.

Jenerala hain defraudaturik sentitzen enigmaren erraztasunarekin, non ez baitzen alaitu ere egin Jamaikako bere salbatzaileari egin zion ongiaz ere.

Santa Martako apezpikuak jakinerazi zion azaroaren lehenetan, bere eskuz eta letraz idatziriko txartelean, bera zela La Ciénaga albo-herriko suharrak baretu berri zituena bere bitartekotza apostolikoaz, non aurreko astean errebolta zibila baten saioa egin baitzen Riohacharen alde.